Mikel Laboa Donostian jaio zen 1934. urtean. Haurtzaroan, bi urtez igaro zen familiarekin Lekeition. Nahiz eta medikuntza ikasketak burutu eta 20 urtez San Miguel Patronatoaren Haurtzaro plantan lan egin Neuropsikiatria arloan, laster ikusi zuen Laboak berea musika eta abestiak konposatzea zela. Poesian eta letra lirikoetan trebea zen oso Mikel eta han hasi zen bere abeslari karrera zoragarria, bere bizitzako azken urteetaraino iraun zuena.

laboak.jpg

Espainiako gerra zibila piztu baino bi urte lehenago jaio zen, beraz, gipuzkoar abeslari bikainak. Gerra eta postgerra kontestu horretan hazi egin zen eta hori sekulako marka utzi zuen bere bizitzan. Frankismoak gogor errotuta zegoen Espainiako gizartean eta 60. hamarkadan Mikel Laboak gure hizkuntza eta kulturari bultzakada bat ematea erabaki zuen, abestien bidez. Testuinguru horretan EZ DOK AMAIRU taldea osatu zuen beste abeslari eta musikariekin batera, Benito Lertxundi horien artean.

Euskara hizkuntz ofizial bat ez zen momentu horretan eta Laboak status hori aldatzea amesten zuen, gure hizkuntzak merezi zuen trataera duinaren bila arituko zen handik aurrera. Laboak bazekien urte ilun haietan, jendeak borrokatzeko gogoa bazeukala baina eguzki baten zain zegoen, elur bihurtuta zegoen momentu hartako Euskal Herria eta euskara urtuko zuena.

EGUZKIAK URTZEN DU GOIAN

GAILURRETAKO ELURRAK

UHARKADA JAUSTEN IBARRERA

GELDIGAITZA DEN OLDARRA.

mikel.jpg

Pixkanaka, Mikel Laboa, kantari ospetsua bilakatu zen, Euskal Herriko publikoaren sentimenduak berpizteko gai izan zena. Euskal lurrarekin bat sentizen zen Laboa. Han jaioa, han hazita eta bazekien han hilgo zela, momentua ailegatuko zenean. Gure arbasoek egin zuten moduan. Bertolt Brecht zuen inspirazio nagusi, eta harek bezala, Euskal Herria objektu bakar eta oso bat bezala sentitzen zuen, naturarekin armonian bizi egin zena aspaldian eta gure arbasoen paganismo horren defendatzaile sutsua. Ama naturarekin eta aita lurrarekin bat eginik, nahiz eta kanpokoak berea inposatu nahi. Kropotkinek defendatzen zuen eran, kanpotik zetorrenaren ukazioak, ekarriko zuen gurearen eraikipena.

                                          GIZONEN LANA JAKINTZA DUGU: EZAGUTUZ ALDATZEA

NATURAREKIN BAT IZAN ETA HARREMANETAN SARTZEA.

ETA INDARRAK ONGI ERROTUZ, GURE SUSTRAIAK LURRARI LOTUZ

BERTATIKAN IRAUTEA: EZAREN GUDAZ BAIETZA SORTUZ,

UKAZIOA LEGETZAT HARTUZ BETI AURRERA JOATEA.

mikel laboa.jpg

Euskal Herria eta haren nortasuna libre izateko jaio zen, herri guztiak bezala. Gure identitatea urte haietan preso zegoen, gobernu faxista baten pean, euskara debekatzen zuena, gainera. Euskal nortasuna, gure izaera, kaiola batean zegoen txori bat baino ez zen. Eta txori horrek libre izan behar zen bai ala bai.

HEGOAK EBAKI BANIZKIO NEREA IZANGO ZEN,

EZ ZUEN ALDE EGINGO.

BAINAN HONELA, EZ ZEN GEHIAGO TXORIA IZANGO

ETA NI TXORIA NUEN MAITE.

Mikel_Laboa_abeslaria.jpg

Euskal Herria bere hegalak berreskuratzeko eskubidea zeukala defendatzen zuen Mikelek. Euskal Herriaren askatasunaren defendatzaile amorratua. Zer zen, baina, Euskal Herriaren askatasuna Laboarentzat? Estatu berri bat eraiki bere mugekin edo askatasun totala euskal nortasunarentzako? Laboarentzat euskal izaeraren askatasuna kulturalki eta ez politikoki emango zen. Kulturaren bidez kate guzti haiek kentzeko gai izango ginela pentsatzen zuen Laboak, alderdi politikoen eta harrokerien gainetik. Herria izango zen euskal identitatea mantenduko zuena. Eta euskal herria tinko arituko zen xede hortan.

ITSASALDEAN IZARRA

HARI BEGIRA LIZARRA

EUSKARA SALBO IKUSI ARTE

EZ DUT MOZTUKO BIZARRA.

Seguraski, medikua izanda, Mikelek bazekien ez zuela urte asko biziko, nahiz eta 74 urtez iraun zuen mundu honetan. Bere osasuna ez zen sendoa, bere bizitzako azken 20 urteetako bideoak ikusten baditugu, laster konturatzen gara zer nolako arazoak zeuzkan arnasa hartzeko. Horregatik, bazekien hurrengo belaunaldietarako lan egiten ari zela. Arbasoek emandakoa gure hurrengoei emateko. Gazteriaren eta gazteen garrantzia ez zuen inoiz ukatu Mikelek. Are gehiago, Euskal Herriaren etorkizuna haien eskuetan zegoela argi ikusten zuen. Behin izan ginana, izango ginala belaunaldi berriei esker.

GU SORTU GINEN ENBOR BERETIK,

SORTUKO DIRA BESTEAK.

BORROKA HORTAN IRAUNGO DUTEN

ZUHAITZ ARDASKA GAZTEAK.

Orain dela 8 urte, Mikelek bizitzako azkenengo bidaia egiteari ekin zion. Mundu hau utzi zuen betirako Abenduaren 1ean. Eta bere agurrarekin bere obraren handitasuna hasi zen. Hori da Mikel Laboaren ondarea. Londresera ailegatu nintzenean, orain dela ia 4 urte, Mikelen abestiak entzuten nituen askotan eta herrimina sortarazten zizkidaten letra haiek ez ditut ahaztuko. Laboa bezalako pertsonaiek gure gogoan egon behar dira beti. Haiek izan direlako mendeetan zehar, eta bizi izandako oztopo guztien gainetik, gure izaera gaurko egunetara bizirik ailegatzea lortu dutenak. Haiei asko zor diegu. Zer garen, nor garen. Pantxo eta Peiok abesten zuten moduan: “Mutilak ez gero nigarrik egin erortzen banaiz gau ilunean, izar berri bat piztutzera noa Euskal Herriko zeru gainean.” Euskal Herriko zeruan dauden izar guztien artean, Mikel Laboa da disdiratsuena, handiena. Agian, euskal lurrak babesten dituen eguzki bera bilakatu zen Laboa. Urte ilun haietan, gure izaera, elurra zena mendi tontorrean, urtu zuena. Uharkada batez ibarrera jaitsi zena, inoiz nor garen ez ahazteko. Arbasoek emandakoa mantendu dezagun. Haien memoria betirako sustatuz. Euskalduna izatea ez da nolabaiteko gauza bat. Euskalduna izatea gauza handia baita.

Agur eta ohore, Mikel.

laboa